Oreka Tx

 

 

 

OREKA TX

Txalaparta perkusio-tresna da, euskal kultur izaerari lotu-lotua. Ohiturazko txalapartaz sakontzeaz gain, Oreka TX taldeak beste erritmo eta soinu batzuk entseiatu ditu, harriak, metalak eta beste gai batzuk erabiliz, eta emaitza bikainak lortu ditu. 1997an Harkaitz Martinezek eta Igor Otxoak osatu zuten taldea. “Nomadak TX” beraien azken diskoa India, Laponia, Mongolia eta Saharatik txalaparta haien kulturetara hurbiltzeko egindako bidaien filme dokumentalaren musika da. Kantak egutegi baten orrialdeak dira, bakoitza bizipen baten istorioa. “Nomadak TX” abentura bat zen eta horren isla da diskoa. Agertokiaren ikusgarritasuna, soinuen indarra, ugaritasuna, musikaltasuna eta aberastasuna direla eta, Oreka TX taldearen kontzertuak sentipenak bizi-bizi dastatzeko emanaldi ederrak dira. Eta 2011ean Hostoak izeneko ikuskizuna egiten ari dira, Kukai dantza taldea eta Amaren Alabaren kantu polifonikoekin batera. Mireia Gabilondo eta Igor Otxoa (Oreka Tx-eko partaidea) arduratzen ari dira ikuskizunaren zuzendaritzaz, eta Jon Maya ari da koreografiarekin lanean.